2010/11/15

Kixmi

Ataunen kontatzen dutenez, behin batean jentilak Argaintxabaletako mendi-lepoan dibertitzen ari omen ziren. Halako batean, jentil gazte batek hodei argitsu bat ikusi omen zuen beraiek zeuden tokira inguratzen. Horrelako gertakizunaz harritu eta izututa, besteei esatera joan zen:

-Begira! Begira!

Denak dantza egiteari utzi eta denboralditxo batean hodei misteriotsu hari begira geratu ziren, zer egin eta zer esan jakin gabe. Azkenean, jentiletan zaharrena eta jakintsuenari aholku eskatzea erabaki zuten. Aitona hura ez zen haitzulotik inoiz ateratzen, inork ez zekien zenbat urte zituen eta batzuek ez zuten ezagutu ere egiten. Jakintsua mendi-lepoaren ertzera eraman eta hodeia erakutsi zioten, baina jentil zaharra itsutua zegoen eta ez zuen ikusten.

-Zabal iezazkidazue begiak bi palankekin! -agindu zien.

Bi jentilek berehala palanka sendo bana hartu eta begiak zabaldu zizkioten. Aitona luzaroan egon zen hodeiari begira, beste denak urduri zeuden bitartean eta, azkenean, honela esan zuen:

-Sortu da jende txiki perrua / akabatu da, jende humanoa. Kixmi jaio da, eta heldu da gure arrazaren bukaera. Bota nazazue amildegian. behera!

Eta beretarrek harkaitzean behera bota zuten. Gero lasterketari ekin zioten, ahalik eta azkarren, hodeia jarraiki zutela. Arraztaran haranera iritsi zirenean, harri handi baten azpian sartu ziren eta, geroztik, "jentilarri" izenez ezagutzen dute hura.

"Kixmi" hitzak tximua esan nahi du jentilen hizkuntzan eta Kristo izendatzeko erabiltzen zuten. Gure arbasoek horrela adierazten zuten jentilen amaiera gure lurrean.

Borgotako lamia

Bargotako Juanisek Iruñeko San Fermin jaietara joatea erabaki zuen. Ohizkoan, hodeiren baten gainean joaten zen batetik bestera, baina egun hartan zerua urdin-urdin zegoenez, oinez joan behar izan zuen.

Iruñera iritsi zenean, erabat nekatuta zegoen eta ostatu batera joan zen gaua igaro eta atseden hartzeko asmoz. Ostatuko etxekoandreak ordea, esan zion jaiak zirela eta ez zeukala ohe bat bakarra ere libre.

Juanisek, besterik ezean, alfonbra gainean lo egiten uzteko eskatu zion. Etxekoandreak hain jota ikusi zuenean, baietz esan zion eta alfonbra gela batera eraman zuen. Gela horretako ohe bakarrean bi bezero zeuden lehendik.

Oheko bezeroak zerraldo lo zeuden. Juanisek une batez begiratu zien eta gero eztulka hasi zen besteak esna zitezen.

-Barka iezadazue, jaunak, ez nuen zuek esnatzeko asmorik.

Gero, alfonbran eseriz, esan zien:

-Begira, ez zaitezte izutu, baina nik lo bururik gabe egiteko ohitura dut.

Oheko biek aho zabalik begiratu zioten, burutik eginda ote zegoen beldur. Orduan, Juanisek burua gorputzetik askatu eta aulki gainean utzi zuen. Bi bezeroek hura ikusi zutenean, garrasi izugarria egin eta gelatik lasterka alde egin zuten.

Sorginak burua berriro bere lekuan jarri zuen, ohean etzan eta lo hartu zuen.

Bien bitartean, bi bezero izutu haiek laguntza bila joanak ziren eta ostatuko jabearekin eta beste zenbait lagunekin itzuli ziren gelara. Denak gogor armatuak zetozen eta Juanis lasai asko, bere buru eta guzti, lotan zegoela ikusi zutenean, beste biak hartu zituzten erotzat. Hauek, gizajoak, beren gauzak hartu eta ahal bezain laster alde egin behar izan zuten ostatutik.

Bargotako sorginak lo ederra egin zuen hurrengo eguna ondo sartu zen arte.

Behor zuria


Ba omen zen behin hiru alaba zituen gizon aberatsa. Egun batean, belarri atzean zerbait sumatzen zuela eta, alaba gazteenari han zer ote zuen begiratzeko eskatu zion. Alabak, Maider izenekoa, zorri bat aurkitu zuen. Gizonak zorria eltzean sartzeko agindu zion. Zorria hazi eta hazi hasi zen. Oso denbora laburrean asko hazi zen eta eltzea lehertu egin zuen. Orduan, aitak barrika batean sartu zuten zorria, baina hura ere lehertu egin zuen. Azkenean akabatu eta haren larrua leihotik zintzilik jarri zuten.

Gizonak orduan, mundu guztiari jakinarazi zion bere alabetako bat eskua emango ziola larru hura zein animaliarena zen asmatzen zuenari. Haren dotorean usainera gate asko agertu zen, baina haietako bakar batek ere ez zuen erantzun zuzenik eman.

Egun batean, urrez jantzitako gizon dotore bat azaldu zen. Etxe aurrean jarri eta zintzilik zegoen hari begira jarri ondoren, esan zuen:

-Zorri-larrua da hori!

Gizona pozez zoratzen zegoen halako gizon bizkor eta prestua suhitzat hartzearekin. Afaltzera gonbidatu eta hiru alabetatik nahi zuena hautatzeko esan zion. Etorri berriak afalostean erantzungo ziola erantzun zion.

Geroxeago, Maider lorategira joan zen mahaia apaintzeko lore bila. Ukuilu aurretik igarotzerakoan ahots bat entzun zuen berari deika. Harrituta hara begiratu zuen, baina ez zuen aitaren behor zuria besterik ikusi.

-Ez larritu -esan zion behorrak- jakinaren gainean jarri nahi zaitut eta; urrez jantzitako gizona deabrua
da eta zu hautatuko zaitu emaztetzat. Ez ahaztu orain esango dizudana! Aitak dirua eskaintzen dizunean, ez hartu zentimorik ere, behor zuria nahi duzula esaiozu!

Eta hala, afalostean, deabruak Maider eskatu zuen emaztetzat eta berehala alde egin behar zutela esan zuen. Behorrak esan bezala, aitak nahi hainbat diru eskaini zion Maiderri, baina honek, behor zuria nahi zuela esan zion.

Deabruaren zalgurdira igotzerakoan Maiderrek behor zuria aurrean jartzen utz ziezaiotela eskatu zuen.

Bide puska bat egin zutenean, behorra ostikoka hasi zen lurraren kontra eta hau bi zatitan irekitzen zen bitartean, honela esan zuen:

-Sar hadi hor zazpi urtetarako!

Eta une hartan bertan, bai zalgurdia eta bai deabrua, biak lurpean desagertu ziren.

Maider eta behorra lurrazalean geratu ziren. Orduan animaliak esan zion.

-Zazpi urtetan bakea izango duzu!

Eta biak bideari jarraitu zitzaizkion. Asko ibili ondoren, gaztelu bat begiztatu zuten.

-Zer deritzozu hemen gelditzen bagara? -galdetu zion behorrak-. Gaztelu horretan printze gazte bat bizi da eta berarekin ezkonduko zara.

Behor zuriak esan bezala, printzea Maiderrekin maitemindu zen eta handik egun batzuetara ezkondu egin ziren biak sekulako jaialdien artean.

Ezkontzaren ondoren, behorra era honetan mintzatu zitzaion Maiderri:

-Joan-ordua dut, baina aurrenik txirula hau eman nahi dizut opari. Arazorik duzunean jo ezazu eta berehala azalduko natzaizu.

Eta behorra desagertu egin zen.

Ezkonberriak oso zoriontsu bizi ziren eta bi haur izan zituzten. Baina, halako batean, senarrak gerrara joan behar izan zuen. Maider eta bi haurrak etxean geratu ziren aita noiz itzuliko zain.

Bien bitartean, zazpi urte joan ziren eta deabrua andrearengana azaldu zen esanez:

-Zatozte nirekin! Emazte baten ordez, hiru izango ditut orain!

Eta Maiderrek bi haurrak hartu eta ez zuen izan haren ondotik atera beste irtenbiderik. Asko ibili ondoren, baso ilun batean sartu ziren.

-Hementxe hilko zarete! -esan zien deabruak.

-Hil aurretik utz iezadazu haurrentzat txirula jotzen -eskatu zion Maiderrek.

Deabruak baiezkoa eman zion eta Maider txirula jotzen hasi zen. Hasi besterik ez zuen egin, behor zuria azaldu zenean.

-Hara! Hemen al haiz berriro? -esan zuen abereak deabrua ikusitakoan-. Hemendik aurrera ez diok bada, beste inori kalterik egingo!

Eta lurra kolpatuz, oihukatu zuen:

-Lurra! Ireki hadi eta irentsi ezak betiko deabru madarikatu hau.

Eta lurra ireki egin zen eta gaizkilea desagertu egin zen berehala.

-Orain zure etxera itzul zintezke, Maider -esan zion behor zuriak-. Hemendik aurrera ez duzu gehiago nire beharrik izango eta.

Animalia zoragarri hura desagertu egin zen eta Maider gaztelura itzuli zen bere bi haurrekin. Han egon zen senarra agertu zain eta, etorri zenean, gertatu zitzaion dena kontatu zion.

Beltzuntzeko Gaston


Orain aspaldian, Lapurdiko Hiriburu herritik hurbil, oilar batek arrautza bat errun eta goroztegi batean ezkutatu omen zuen. Halaxe igaro ziren zazpi urte eta arrautza hartatik herensugea jaio omen zen. Handik beste zazpi urtera herensugea ehun bider hazi zen; hiru buru zituen, eta hiru ahoetatik sua jaurtitzen zuen etengabe. Bizkarretik bi hego irteten ei zitzaizkion eta, horiei esker, hegan egiten zuen herrialde osoan zehar. Bere atzapar beldurgarriekin di-da txikitzen zuen animaliarik handiena ere. Errobi ibaiaren inguruko biztanleak beldur-ikaraz bizi ziren.

Baionako alkatearen seme Beltzuntzeko Gaston Armand, 19 urteko mutikoa, mentura handien egarri zebilen. Beltzuntzetarrek ospe eta adorea mendez mende zabaldu zituzten Europako lurralde guztietara eta gazteak bere arbasoen armak eramateko gai zela erakutsiko zuen, bere koadroa ikusi nahi zuen gazteluko sala nagusian, asaba zaharrenekoen alboan.

Egun batean, zurrumurru beldurgarria zabaldu zen herrialdean: zazpi urteko aldia zazpi bider igaro ondoren, Hiriburuko herensugea bere leizetik irten eta bidean harrapatzen zuen guztia suntsitzen ari zen, berdin etxeak eta soroak, nola animaliak hala gizakiak. Horiek entzunda, ehunka lagun abiatu ziren Baionarantz, hango harresi barruan babesteko asmoz. Baionako Alkateak, Beltzuntzeko Antoinek, zera esan zuen: nire esku dagoen guztia egingo dut piztia agertzen bada, honi aurre egiteko.

Gaston erabat bere onetik aterata zegoen. Galdetu honi eta galdetu hari, begiratu hemen eta miatu han..., piztia nolakoa zen jakin nahi zuen, nork ikusi zuen? Esaten zuten bezain handia al zen? Ahotik sua jaurtitzen al zuen?, ala kea besterik ez... ?

Galdera guzti hauen erantzunak jaso eta bere jakinmina ase zuenean, aitarengana joan zen:

-Aita, hauxe da nik nahi nuen aukera! Utz iezadazu herensugearen bila joaten eta hiltzen.

-Hi burutik egina hago! -Ihardetsi zion aitak-. Hemen geratuko haiz beste guztiak bezalaxe! Hire kezkatan egotea besterik ez diat behar orain!

Gastonek ez zion hitzik atera aitari, baina, erabakita zeukan eta, prestatu zituen armak, hartu zuen jateko zerbait eta, ezkutaria lagun, gaztelutik irten zen gau hartan. Handik herensugearen gordelekura bideratu ziren.

Ezkutaria beldur-dardarka zegoen eta Gaston, berriz, ametsetan ari zen: bueltakoan egingo zioten ongietorria ikusgarria izango zen... herensugea hiriko harresietara eramango zuen arrastaka... aitak negar malkotan hartuko zuen, eta Rikardo Ia. Lehoibihotzak foruak zin egitean berekin han egon zen Txikon arbasoaren ezpata emango zion oparitzat... bere koadroa besteen ondoan eskegiko zuten eta....

Zaratots izugarri batek atera zuen Gaston bere amets-liluragarritik.

Konturatzerako, herensugearen leize aurrera iritsiak ziren. Ezkutariak atzera jiratu eta ziztu bizian alde egin zuen handik. Gastonek deiadarra egin zuen ozen:

-Hor al hago???

Aurrekoa baino oihu handiagoa eginez, jarraitu zuen piztiari desafioka:

-Hor baldin bahago, irten hadi kanpora!!! Hemen naukak hire zain!!!

Herensugea leizetik irten zen. Hain zen handia eta beldurgarria, non Gastonek atzeraka eman baitzuen pauso bat. Gero, berriro adorea hartuz, piztiari aurrez aurre jarri zitzaion.

Une batez, elkarri begira egon ziren biak, adi-adi, arerioak lehen mugimendua noiz egingo. Gaston piztiaren indarra neurtu nahian ari zen, eta hau, berriz, harrituta zegoen hain izaki txikia bera desafiatzera ausartzen zelako.

Herensugea ez zen luzaroan egon geldi, bere hiru ahoetatik su-bufadak jaurti zituen eta atzeko hanken gainean zutik jarrita gazteari oldartu zitzaion. Honek gogor heldu zion eskuan zeukan ezpatari eta piztia gehiago hurbildu zain egon zen; gero, ahal bezain besteko indarrez jaurti zuen arma herensugearen bihotzera.

Piztia seko gelditu zen eta bere begiek sorpresa gisako zerbait adierazten zuten. Baionan ere entzun zuten oihua bota ondoren zerraldo erori zen. Baina erortzean, berarekin batera eraman zuen baztertzeko betarik izan ez zuen Gaston; eta hala, biak heriozko besarkada batean bildurik, Errobira amildu ziren aldapan behera bueltaka.

Artean, ezkutaria heldua zen Baionara, eta haren ahotik mutilaren aitak jakin zuenean semea herensugearen bila joan zela, astirik galdu gabe hainbat gudari hartu eta irten zen Gastonen bila. Ibaian aurkitu zituzten bi gorpu hilak. Itzulian, jende guztiak txaloka eman zion ongietorria Gastoni, bere aitak arbaso Txikonen ezpatarekin lurperatu zuen eta bere irudi gaztea margotua zuen koadroa sala nagusian eskegi zuten. Harrezkgero, balentria horren oroigarri, Beltzuntzetarren armarriak hiru buruko sugea darama alde batean.

Baratxuri

Antzinatean, Andoainen, senar-emazte batzuk bizi ziren beren alaba bakarrarekin. Alabatxoa hain zen txikia, Baratxuri ezarri ziotela goitizena. Txikia bai, baina oso neska argia eta indartsua zen; honela bada, amari etxeko lanetan eta aitari soroetan laguntzen zien.

Behin batean, aitari sorora bazkaria eramateko agindu zion amak. Bide luzea zenez, astoa ukuilutik atera eta bere belarrian jarri zuen neskatxoa. Astoak bidea ezagutzen zuen, joan-etorria askotan egina baitzuen, eta berehala han ziren, aita lanean ari zen tokian.

-Hara! Gaur bakarrik al hator, astotxo? -galdetu zuen aitak astoa ikusitakoan.

-Ez! Ni ere hemen nator! -erantzun zuen Baratxurik astoaren belarrira agertuz.

Alabatxoa ikusteaz pozik, neska eta janari-saskia hartu zituen. Aita-alabak bazkaltzen hasi ziren astoa larrean bazkatzen zen bitartean.

Bazkalondoan, aita soro-lanera itzuli zen eta Baratxuri etxera, etorri bezala, astoaren belarrian sartuta.

Basoa gurutzatzerakoan, lapur batzuk sumatu zituen egun hartan bertan lapurtutako gauzak banatzen. Honela. esaten zuten: -Hau, hiretzat; hau, hiretzat eta beste hau, niretzat!

Astoaren belarritik Baratxurik oihukatu zien:

-Eta niretzat?

Hau entzutean hiru lapurrak larritu egin ziren pixka bat, baina inor ez zegoela ikusi zutenean, jarraitu egin zuten berean:

-Hau, hiretzat; hau, hiretzat eta beste hau, niretzat!

Eta Baratxurik berriro:

-Eta niretzat?

Oraingoan lapurrak altxa eta lapurretaren zatia eskatzen zuen haren bila hasi ziren.

Baratxurik, berriz ere:

-Eta niretzat?

Lapurrek basoko izpirituak zirela uste izan zuten eta hanka egin zuten ziztu bizian, lapurtutako guztia bertan utzita.

Baratxuri astoaren belarritik jaitsi, hango gauza guztiak astoan zamatu eta etxera eraman zituen.

Baltzolako Sugoi

Behin batean bi anaia bizi ziren Dimako Bargondian. Zaharrena, Unai, gizon serio eta kabala zen, erabaki bat hartu baino lehen ondo hausnartzea gustatzen zitzaiona. Gaztea, Gorka, erabat bestelakoa zen, zotoska eta erreakzio bizkorrekoa.

Egun batean, Baltzolako haitzulotik hurbil zebiltzan biak. Gorkak zera esan anaiari, haitzuloa seinalatuz.

-Ba al dakik, Unai? Hor barruan lamiak bizi omen dituk altxor eder bat zaintzen.

-Beharbada bai eta beharbada ez -erantzun zion Unaik- baina hobe izango duk bere horretan uztea.

Anaia gazteak barre-algara egin zuen.

-Hara! Ez didak esango beldur haizenik, ezta?

-Nik gauza bakarra esaten diat, ez dela misterioak narrasten ibili behar.

Gorka haitzuloaren sarrerara joan zen.

-Beno... hi, anima hadi! Begirada bat botako diagu... Altxorra dagoela egia baldin bada, bion artean banatuko diagu!

Gaztea sartzera zihoan, sarreran sugetzar bat ikusi zuenean. Lo zirudien.

-A! Hemen zagok haitzuloaren zaindaria! ikusiko duk zer azkar egingo dituan hire lanak!

Eta Unairi ezertarako betarik eman gabe, harri handi bat hartu eta sugeari jaurtiki zion. Isatsa moztu zion.

-Gorka! -oihukatu. zion Unaik- egin duan hori krudelkeri hutsa duk! Sugea lo zegoen eguzkitan eta hauxe izango dik bere gordelekua... Ez hadi basatia izan eta goazemak etxera!

Urteak joan ziren. Unaik urrutira joan behar izan zuen bizi modu duinagoaren bila eta baita lantegi ona aurkitu ere; baina penak jaten zuen etxe, ahaide eta bere lurraz oroitzen zenean.

Egun batean, herrimina bestetan baino biziagoa zenean, dotore jantzitako gizon hankabakar bat azaldu zitzaion, besotik heldu eta, une batean, Baltzolako haitzuloaren aurrera eraman zuen.

Unai seko harrituta geratu zen gizon misteriotsu hark zera esan zionean:

-Unai, berriro hire etxean hago, eta berriz joan beharrik ez dezaan izan hona hemen urrez betetako kutxa hau hiretzat, eta gerriko hau hire anaiarentzat.

Hauek esanda gizona desagertu egin zen bat-batean.

Unai bere anaiarengana joan eta gertatu zitzaionaren berri eman zion. Gorka gerrikoari begira geratu zen.

-Eta gizon horri hanka falta zitzaiola diok?

-Ba ... bai, baina orain gogoratzen dudanez, ez zian ez bastoi eta ez makulurik erabiltzen.

Orduan, gazteak gerrikoa hartu eta intxaurrondo bati lotu zion. Arbola berehala sutan jarri eta erabat erre zen. Bi anaiek elkarri begiratu zioten eta garbi ikusi zuten Gorkak isatsa moztutako sugea eta gizon erren hura, biak bat zirela: Baltzolako sugetzarra, sugoi alegia.



Txindokiko Mari


Zazpi urte joanak ziren azkeneko aldiz Mari Txindoki mendian izan zenetik; bertan baitzuen, izan ere, egundo inork ikusi gabeko, baina denen ahotan zegoen bizileku eder bat. Ziotenez, haitzuloaren barnealdea urrez estalirik zegoen eta altzariak ere urrezkoak ziren. Dama noiz heldu zen erraz jakin zuten, zaldi hegalari bat agertu baitzen zerua zeharkatuz eta ondoren, aspaldiko urtetan ikusi ez bezalako euri jasa hasi baitzuen. Euriteak egun batzuetan iraun zuen, egunsenti batean atertu zuen arte. Zerua oskarbi zegoen, Txindoki mendiaren tontorra zen hodei txiki batez estalia zegoen bakarra.

-Damak labea piztu du -esan zuten eskualdeko biztanleek eta asko poztu ziren, denboraldi batean ekaitzik ez zela izango adierazten baitzuen horrek.

Egun batean, artzaintsatxo batek mendi hegalera, larrera eraman zuen bere artaldea. Eguzki distiratsua zegoen eta udaberriaren hasiera antzeman zitekeen. Artzaintsatxoa zabartu egin zen loretxoei eta zuhaitzez zuhaitz zebiltzan txoriei begira. Ordu batzuk iragan eta gero etxeratzeko garaia zela pentsatu zuen eta ardiak biltzen hasi zen.

-Bat, bi, hiru... hamazazpi, hamazortzi, hemeretzi eta... A! bat falta zait!

Neska gaixoa ardi galdua bilatzen hasi zen, baina nola zitekeen hori? Ordura arte ez zitzaion bat bakarrik ere galdu eta, zer esango zion ardi jabeari?

Ardi galduari dei egin zion, berriro banan banan kontatu zituen badaezpada ere, baina alferrik; ardia ez zitzaion agertzen. Mendian gora begiratu zuen; eta animalia tontorrera igoa bazen? Beldur pixka bat barruraino sartuta mendian gora abiatu zen. Mila aldiz entzuna zuen herrian Mari Txindokin zegoen bitartean hobe zela hara ez igotzea, mila aldiz entzunak zituen desagertutako pertsonei buruzko gauza izugarriak, baina, igotzen zihoan bezala, lasaitzen ari zen. Ez zirudien aparteko gauzarik gertatzen zenik han, dena lasai zegoen. Bere ardiaren marraka entzun zuen.

-A! Hor al zaude, bihurria?

Artzaintsak sastraka batzuk baztertzerakoan ardia haitzulo baten sarreran zegoela ikusi zuen, urrezko goruz ehuntzen ari zen andre eder baten oinetan. Bere bizi guzian ez zuen ikusi halako dama ederrik! Neska han egon zen minutu batzutan andreak ehuna nola egiten zuen begira, ez zuen ezagutzen hain azkar ehun zezakeenik, hipnotizatua bezala zegoen esku txiki eta fin haiek goruan zerabilten mugimenduari begira. Eta honetan, eskuak gelditu egin ziren.

-Eta? Hor tente egon behar al duzu bizi osoan?

Damaren ahotsak kristalezko kanpaiaren soinua zuen. Artzaintsak ez zion erantzun.

-Eta? -esan zuen damak berriro- ez al dakizu hitz egiten? Ez duzu ezeren beldurrik izan beharrik. Nire izena Mari da eta hau, nire etxea.

-Nik Kattalin dut izena -erantzun zion artzaintsak bere ahotsaz pixka bat harriturik.

-Eta zure familia?

-Ez dut familiarik.

-Eta ardiak?

-Ez dira nireak.

Marik, goitik behera begiratu ondoren, irribarre egin zion.

-Ondo da, Kattalin, lagunduko didan norbait behar dut. Denboraldi batean nirekin geratzen bazara, gogotik ordaindua izango zara eta egunen batean zeure artaldea izateko aukera izango duzu.

Kattalin Marirekin geratu zen zazpi urtez. Marik hezi zuen, ehun lanean, ogia egiten, landareen ezaugarri zoragarriak bereizten, animalien hizkera ezagutzen..., denetik ikasi zuen.

Urte haien burura, egun batean honela esan zion Marik:

-Kattalin, denbora honetan denean nirekin egon zara, zintzo portatu eta nik irakatsi dizudan guzia ikasi duzu. Nik joan beharra daukat, baina ordainduko nizula agindu nizun eta hona hemen nire oparia.

Eta ikatz zati handi bat eman zion neskari. Gero, desagertu egin zen sugarrez inguraturik. Kattalin, harrituta ikatz zatiari begira geratu zen.

-Hauxe opari arraroa -esan zuen bere kolkorako, eta haitzulotik atera zen.

A zer harridura ikatz zatia urre bihurtzen zela ikusi zuenean! Mendia arineketan jaitsi eta herrira joan zen. Aspaldidanik hiltzat jotzen zuten eta ez zuen inork espero. Denei eman zien gertatutakoaren berri eta urrearekin etxea eta artalde bikain bat erosi zituen.

Baigurako artzaintsa


Orain aspaldi, udaberriko goiz argi batean, artzaintsa bat Baigura mendira joan zen Gorria izeneko bere zakurra eta artaldea hartuta. Gogokoen zuen lekura iritsi zenean, ardiak beren kasa bazkatzen utzi eta hurrengo orduak ahalik eta entretenigarrien igarotzeko prestatu zen; hau da, ehuntzen.

Horretan ari zela, urrunetik zetorkion hots lehor eta zehatz gabea entzun zuen. Hasieran ez zitzaion aparteko gauza iruditu, baina, pixkanaka-pixkanaka hotsa ozentzen eta hurbiltzen hasi zitzaion. Zuhaitz adarrak gogor mugitzen hasi ziren. Ardiak batetik bestera hasi ziren, beeka urduriak egiten. Gorria txakurrak artzaintsari begiratzen zion aginduren baten zain.

-Ea, Gorria, segi! Bildu artaldea!

Gorriak laster bildu zituen ardi guztiak artzaintsaren inguruan. Neska bidezidor estu batean behera abiatu zen herrirantz, ardiak atzean zituela eta zakurra batetik bestera ardiak bide zuzenera bildu nahian. Halako batean, ekaitza lehertu zen. Trumoi eta oinaztargi artean, euria barra-barra ari zuen, dena suntsitzeko trazan.

Bat-batean izugarrizko trumoi hotsa entzun zen. Artzaintsa, artaldea eta zakurra ikaraz lurrean josita bezala geratu ziren. Neskak bere inguruan begiratu zuen laguntza bila, ez zen inor inguruan, baina orduan entzun zuen ahots bat oihuka:

-Bazter zaitez!

Bere aurrean espektro zuri bat zegoen, tente. Ez, ez zen gizonarena, ezta batzutan bizi-itxura hartzen duten behe lainoz egindako forma arraro horietakoa ere. Zera zen...

-Bazter zaitez!

Forma txuri hura are hurbilagoa zeukan dagoeneko. Artzaintsak ez zuen ezer ikusten, ez zuen ezer entzuten, ez ekaitz, ez ardi... ezta Gorriaren zaunkarik ere. Zakurrak sumatzen zuen bere nagusiari zerbait arraroa gertatzen zitzaiola. Artzaintsak garbi nabaritu zuen zuri-zuria zen zerbait goitik behera estaltzen ari zitzaiola eta hartan, hirugarren aldiz entzun zuen ahots hura, oraingoan belarritik oso gertu, haserre eta mehatxuka bezala esaten ziola:

-Baztertzeko! Baztertu behingoz!

Zer egiten zuen ere ez zekiela, artzaintsak salto egin zuen bidezidorretik kanpora eta une hartan bertan, izugarrizko hotsa eginez, tximistak jo zuen neska lehentxeago egondako lekuan zulo handi bat eginez.

Urrezko ohazala


Ataungo senar-emazte batzuk jentilen lagun egin omen ziren. Hauen baserrian biltzen ziren gauero, solasean eta jokoan aritzeko. Halako batean, etxekoandrea gaixotu egin zen. Jentilak egunero jaisten ziren eta urrezko ohazal bat ekartzen zioten, ohe gainean zabaldu eta azkarrago sendatzeko. Egunsentian, oilarrak jotzen zuenean, jentilek alde egiten zuten ohazala beraiekin hartuta.

-Konturatu al zara ze ohazala? -Galdetu zion emazteak senarrari- Urrezkoa da... -jarraitu zuen etxekoandreak- erreal mordoa emango ligukete horrengatik.

Biharamun gauean, jentilak beti bezala agertu ziren, betiko garaian eta ohazal eder harekin ohe gainean zabaltzeko. Gaua giro ederrean igaro zuten, baina, erraldoiak jokoan murgilduta zeuden une batean, gizonak ohazala altzairuzko iltzez josi zion oheko zurari. Oilarrak kantatu zuenean, jentilak ohazala jasotzera joan ziren, baina iltzez josia zegoenez, ezin izan zuten jaso lehen ahaleginean. Indarrez tira, eta hautsi egin zuten. Haserre alde egin zuten handik etxejabeei honako madarikazioa bota ondoren:

Etxe hau zutik dagoen bitartean, hemen ez da faltako begi bakar, besamotz eta herrenik.

Eta urte askotan horrelaxe izan omen zen.

Mendiondoko euliak

Mendiondo baserriko nagusia erabat alfer eta nagia zen eta, hala eta guztiz ere, etxe hartako ereinketa, ganadua jaistea eta gainerako lanak azkar bukatzen zituzten, inguruko etxeetan baino askoz azkarrago bukatu ere.

Goiz batean, soroak ordu beten azpitik moztu zuten; beste batean, di-da batean, belar dena bildu eta ganbarara eramana zuten. Jende guztia harrituta zegoen, egiteko denak azkar burutzen ziren, baina, han ez zuten inor lanean ikusten.

Mendiondoko nagusiaren emaztea ere han sorginkeriaren bat gertatzen ari zela pentsatzen hasia zen.

Egun batean senarra ikusi zuen herrira joan baino lehen sasi tartean zerbait gordetzen ari zela. Urrutiratu zenean, emakumea lar tartera joan eta han gordetakoa aurkitu zuen: ontzitxo bat. Zabaldu zuen eta barrutik hamar euli atera ziren; denak bere inguruan itzulika hasi ziren esanez:

-Zer egingo dugu? Zer egingo dugu?

Andreak, zer egin jakin gabe, esan zien:

-Berriro ontzian sartu!

Eta berehala, hamar euliak berriro ontzian sartu ziren.

Senarra itzuli zenean, emazteak euli hiztunen historia argitzeko esan zion; azkenean, senarrak dena aitortu zuen: etxeko lan azkar guztiak haiek egiten zituztela, agindu baino ez zutela behar.

Emazteak probatu egin zuen, eta senarrak esandako guztia egia zela ikusi zuen; denboraldi batean euliek egiten zizkioten etxeko lan guztiak, baina lanean ari zirelarik ere ez ziren isiltzen, eta etxekoandrea aspertu egin zen, etenik gabeko kalakaldi hartaz:

-Lana! Lana! Lana!

Emakumea senarraren bila joan zen.

-Aizu, euli hauekin zerbait egin beharra daukagu, bestela azkenean nahigaberen bat emango digute eta.

-Bai, ni neu ere horretan nago -erantzun zion senarrak- baina alde egitea nahi badugu, soldata eman behar diegu beren lanaren truke.

Pixka bat pentsatu ondoren, emakumeak erantzun zuen:

-Hor badaude hamar antzara, bakoitzari emaiozu bat. Une hartantxe hamar antzarak hegan atera ziren sekulako iskanbila eginez, eta Mendiondoko euliak ez ziren inoiz gehiago azaldu.

Basajaun


Euskal mitologiako jeinua. Oihan ilun eta leize sakonetan bizi den gizaki handi, iletsu eta basatia da. Kixmi jaio zenean, Olentzerokin batera, bizirik geratu zen jentila. Artaldeen jeinu babeslea da, eta ekaitz-arriskua dagoenean, orro egiten du artzainek artaldea babes dezaten; gainera, otsoa artaldera ez hurbiltzeaz arduratzen da. Indar handia du eta gorputz arineko izaki beldurgarri eta gaiztoaz irudikatu izan da.

Beste alegietan ordea, ongi hitz egiten da pertsonai honetaz. Nekazaritza zabaldu zuen lehenengotzat; errementari eta errotaritzat ere hartu izan da; eta gizakiak beregandik ikasi omen zuen laboreak ereiten, zerra egiten eta metalak soldatzen; berez, erromatarrak Euskal Herrira etorri ziren garaiarekin bat egiten dute kristautasunaren (Kixmi) hasiera eta teknologia horien zabaltzea.

Hainbat lekutan Basajaunak Anxo izena hartzen du.

2010/11/10

ireltso


Teltxu, Iditxu, Idittu. Jeinu txikiak dira herri batzuetan, eta ondo pasatzen dute jendea zirikatzen, baina normalean ez dira txarrak. Haien itxura aldatzen da lekuaren arabera. Horrela, batzutan txori txikitxo bezala agertzen dira herri batzuetan, hori bai, ahotik sua botatzen diren txoriak. Beste lekuetan berriz, txerri eta gizakien nahasketa bezala agertzen dira, adibidez Amezketan, Bermeo, Sara edota Markinan.

Mikelatz eta atarrabi


Mari eta Majuren semeak. Kondaira esaten duena jarraituz deabrurekin egon zirela bizitzen kobazulo baten esan behar da (askoren ustez Sara herriaren ondotik). Deabruak irakasten zizkien, hezkuntza ematen bikoteari, eta horren truke bata geratu behar zen berarekin bizitzen. Mikelats, ikasketak egin eta gero ospa egin zuen, eta Atarrabi geratu zen deabrureki.

Galtxa gorriak


Beste pertsonaiekin gertatzen den bezala, izena herriz herri aldatzen da. Horrela, iratxo txiki hauen izena Prakagorri, Mamarroak, Bestemutilak, Familiarra ...izan daiteke. Kondairak esaten du beti joaten zirela taldeka, izena azaltzen duenez, prakagorriekin, eta beraien jabeari laguntzen zioten. Honek, jabea, alfiletero baten barrun eramaten zituen Galtzagorriak, eta batzuek esaten dute Baionako merkatuan edota azokan erosten zirela urre ontza baten ordez. Beste batzuen ustez berriz, bakarrik San Juan gauan arrapa zezakeen diñote, alfileteroa irekita uzten.

sorginak


Euskal Herrian betidanik sinestatu izan da sorgintasunean. Gaur egun, batez ere, akelarreekin lotzen badira ere, antzina sorginek gauza onak eta txarrak egin zitzaketen. Apoa, sugea, erratza, akerra... elementu sakratuak ziren eta emakumeen indarra erakusten zuten. Herritar asko joaten zitzaien laguntza eske: ukendu, sendabelar eta aholku eske alegia.


Sorginak Mariren leizetan haren neskame dauden ahaideak dira. Pizti itxura hartzen dute sarritan, eta gorputz atal bat falta zaie gehienetan, eskua, hanka edo burua; katu itxura hartzen dute maiz.
Gauerdian hasi eta goizaldeko oilarraren kukurrukuraino bakarrik iristen da euren aginpidea. Zuberoan Belegile izena hartzen dute.

Katu itxuraz azaltzen dira askotan, eta sorginkeria kentzeko, katuaren itzalari egurra eman behar zaio.

AKELARRE...
Zugarramurdiko haitzuloaren aurreko zelaiaren izena batetik, eta sorginen gau-bilera, zaratatsua eta nahastua bestetik. Sorginak bertan biltzen zirelako ezaguna, beste hainbat lekutan biltzen baziren ere. Sorginak akerbeltzaren irudiko jeinuaren gurtzaileak ziren eta beren gurtza eta opariak eskaintzera biltzen ziren. Eliza katolikoaren arabera, berriz, kristau-mezaren parodia eta meza beltza egitera. Hortik dator sorginen gau-batzarrari orokorki akelarre deitzea.

Akerbeltzaren jarraitzaileek bilera horietan, egintzen kontu eman, aginduak jaso, opariak egin eta bestelako erritu eta eginkizunak egiten zituzten. Sorgin-batzarrak egiteko beste zenbait toki, hauek ziren: Petiberro (Aezkoa); Larrun; Jaizkibel; Irantzi, Pullegi eta Ameztoiko Mairubaratza (Oiartzun); Mandabitta (Ataun); Mañariko Akelarre; Garaigorta (Orozko); Petralanda (Dima); Eperlanda (Muxika); Akerlanda (Arteaga-Gautegiz) etab.

Iturria: Harluxet/Lur

Lamiak euskal herrian



Lamien ezaugarri fisikoak:

-Giza irudia dute eta txikiak dira.

-Oso ederrak dira.

-Txikiak izan arren oso indartsuak dira.

-Ile luze eta horia dute.
-Kostaldean gerritik behera arrain itxura dute eta itsas lamia izena dute.

-Hankak oilo, ahate edo beste zerbaiten irudikoak izan daitezke.

-Gehienetan emakumezko gisa ageri dira.

-Lapurdi eta Behenafarroan gizonak zein emakumeak izan daitezke.

-Zuberoan emakumezkoak Lamiña izena dute eta gizonezkoak Maide.

-Emakumeengandik kolore goriztagatik bereizten dira.

-Bizkaiko herri batzuetan uste da bekokian begi bakarra zutela.

-Batzuetan emakume eder baten antza hartzen dute eta besteetan sorgin maltzurraren itxura.

-Gehienetan soineko luze eta zuri batez jantziak ikusi dira.

-Bere ahotsa oso fina eta erakargarria zen, horregatik askotan bere kanta xarmangarriekin lotara eramaten zituzten entzuleak, eta azken finean, heriotzara.

Lamien izaera psikologikoa:

-Urrezko orraziaz ilea orraztea gustatzen zaie.

-Normalean atseginak izaten dira baina haien orraziak lapurtzekotan asko haserretzen dira.

-Batzuetan gizonezkoekin maitemintzen dira baina ezin dira haiekin ezkondu ezin dutelako lur sakratuan egon.

-Haien janaririk gustokoenak ogia, artoa, urdaila, esnea, sagardoa eta gatxatua ziren.

-Asko gustatzen zaie bizilekura bisitan agertzen zaizkienak.

Lamien izaera soziala:

-Lanean laguntzen diete opari bat ematen dietenei; honela, zubi batzuk lamiek egindakoak dira: Ebraingoa (Bidarrai), Azalaingoa (Andoain), Urkulukoa (Gatzaga), Ligikoa… Gauez egiten dituzte eraikuntzak.

-Ostadarraren muturruean Lamia bat egoten da ilea orrazten, eta eguzkiak bere atzekaldean joz zabaltzen du ostadarra.

-Gauez triku harriak egiten dituzte batzuetan, eta etxeetan sartzen dira askotan etxekoak oheratutakoan.(Harrizala eta Mendibe).

-Beti Marirekin lotuta egon da biak sorgintzat hartzen direlako.

-Batzuetan josketa eta arroparen garbiketa egiten zuten guetan (Zeanuri).

-Eliz gizonek eta jakintsuek horrelako aholkuak ematen zizkieten herritarrei: .”lamiak ikusten badituzu, erne honekin: izena duten izaki guztiak existitzen dira, baina gorde ezazu sekretua zure baitan, ez da esan behar existitzen direnik”.“Direnik ez da sinestu behar, ez direla, ez da esan behar.”

-Elizak (Arros eta Espeseko) eta etxeak eraikitzea (Larramendiko , Latsakoa eta Gentaingoa).

-Lamiek zenbait zerbitzu eskatzen zieten gizakiei.

Lamiei egiten zizkieten opariak:

Gauez sagardo pitxer bat edo opil bat sotoan edo ogia erre deneko sukaldean utziz gero lamiek jan egiten zuten (Orozkon). Etxeetan taloak uzten zituzten mahai gainean, gero, gauez lamiak etorri et ajan egiten zituzten ( Donamartirin). Beste leku batzuetan, artzainek esne beteriko kaikuak eta gatxatua oparitzat ematen zituen lamien bizileku omen ziren haitzuloetara ( Arraitz, Ultzama). Nekazariek bere lurren mugetan edo soroetan janariak uzten zituzten lamientzat, eta haiek gauez etorrri eskeinitakoa jan eta, esker onez beterik euren jarraitzaleen soroetako lan batzuk egiten zituzten ( Uharte-Hirin)


Lamien bizilekuak:

Lamiak erreketan, ibai-arroetako hilobi-kobetan , trikuharrietan eta zutarri megalitikoetan egoten dira. (Esaterako Altzibarko errekatxoan Iremategi baserriaren alboan ikusi izan dira).

Lamien presentzia harrizko tokiekin lotuta dago.

Lurpeko uretan ere bizi izan dira.

Itsasoan bizi direnei itsas lamiak deitzen zaie.

Lamien bizileku omen diren haitzulorik ezagunenak hauek dira: Baltzola (Dima), Bernaola (Dima), Sorginen leze (Zugarramurdi), Lamiñategieta (Zeanuri), Leizebeltz (Ahaxe), Osolo (Markina aldean), Jentilzulo (Orozkon)…

Iturri eta putzuetan ere agertzen dira. Utsaleako putzua, Senperen.

Kondairak:


Euskal Herrian oso hedatuak izan dira Lamien kondairak besteak beste, halako herrietan: Zugarramurdi, Sara, Arizkun, Oñati, Bedaio, Zeberio, Arano, Algorta, Mutriku, Senpere…


-Nekazari batzuk gauetan janaria uzten zizkieten lamiei eta horren truke lamiak haien eginkizunetan laguntzen zituzten.

-Batzuetan gizonezkoak bahitzen zuten eta laguntzen ez bazituzten zigortzen zituzten.

-Batzuetan gizakiek haien ohorean SAKRIFIZIOAK egiten zituzten.

-Mehatxuz eskatzen zituzten ostutako orraziak.

-Oso ezaguna da Arrasateko Kobahaundiko lamiaren kondaira: “lamiak begiz jo zuen baserritar gazte bat; hau neskatxaren adina ezagutzeko asmatutakoak; lamia zeal konturatutakon hartu zuen tristura, ondorengo gaixoaldia eta izan zeun heriotza.Eta azkenik lamiaren atsekabea.”

-Batzuen ustez idiek tiratako goldeak eta ermiten eraikuntzak desagertarazten zituen.

-Ezaguna da lamiek beren auzoko emakumeei emagin lanak egiteko eskatu ziotela dicen elezahar bat.

-Lamiak hain emakume erakargarri gisa agertzen dira, ezen behin baino gehiagota ukitu duten nekazari bat baino gehiagoren bihotza; baina inguruetako mutil gazteren batetaz ere maitemindu izan dira.

Sinbologia

Lamiak naturako elementu desberdinekin egon dira lotuta betidanik, hala nola ,ibaiak, itsasoa, haitzuloak eta harriak.
Hasieran etxekoandre lagunkoi bezala ikusten ziren, eta nekazariei lanean laguntzen zieten janariaren truke ( zoroak landatuz, zubiak edota beste harrizko eraikuntzak eginez…)
Kristautasunaren heltzearekin batera, lamiak guztiz desprestigiatu ziren. Ondorioz bere sinbologia iluntsauna, satanismo eta gaitzekin batera lotuta agertzen zen .

2010/11/09

tartalo


Tartalo euskal mitologiako izaki begibakarra da.

Elezaharren arabera, haitzuloetan bizi da eta gazteak harrapatu eta jan egiten ditu. Markinako Alarabirekin ezaugarri komunak ditu, nahiz eta irelu markinarrak zenbait ezaugarri berezko dauka.

Elezahar batek dioena kontatuko dizuet ondoren.
Antimuño baserriko bi anaia ehizan ari zirela ekaitzak harrapatu eta Tartaloren haitzuloan hartu zuten aterpe. Handik gutxira Tartalo begibakarra azaldu zen bere artaldearekin, bi anaiak ikusi eta esan zuen:
"Bat gaurko eta bestea biharko"
Bertan, anaia zaharrena erre eta jan egin zuen. Tartalo loak hartu zuenean berriz, anaia gazteak eraztuna kendu eta sutan zuen burruntzi goria begi bakarrean sartu zion. Tartalo itsu zen, baina bizirik. Ardi artean arakatzen hasi zen gaztearen bila, baina anaia gazteak ardi larrua bizkar gainetik jantzi eta Tartaloren eskuartean pasa zen. Zoritxarrez, ordea, behin kanpoan eraztun salataria ozenki hasi zen oihuka:
"Hemen nago, hemen nago".
Tartalo atzetik atera zitzaion haitzulotik, eraztunaren oihuak gidari zituela. Gazteak ezin zuen eraztuna esku hatzetik kendu, eta amildegi baten ertzera iristean, eraztuna zuen hatza moztu egin zuen. Tartalo gertu zela, behatza eta eraztuna amildegitik behera bota zituen. Tartalo haren oihuaren atzetik amildu zen betiko.

Adarbakarraren bailara


Araitz bailaran Erdi Aroko kondaira bat kontatzen dute, zeinean protagonistak ez diren lamiak, herensugeak, ezta sorginak ere, bailaran bizi zen adarbakarra baizik, bitxia eta ez ohikoa bada ere. Kondairaren arabera, medikuek Antso erregearen tristura gaitzerako erremediorik topatu ez zutenez, eremutar bati galde egin zioten eta honek gaitza adarbakarraren adarretik edandako edabe batekin sendatuko zitzaiola ziurtatu zien. Beteluko artadian adarbakar bat bizi zela baina hura ehizatzen saiatzea oso arriskutsua zela esan zien, adarbakarra arima garbiko pertsonei eta maitasun-minik sekula izan ez zuten dontzeilei soilik ematen omen zielako amore.

Antso erregearen alabetako bat, Giomar, bere maitea abiatu eta hil izanaren ondorioz oraindik ere sufritzen zuena basora joan zen adarbakarraren bila; honek Giomar ikusita bere adar bakarrarekin gorputza zeharkatu zion. Aldi berean, oihanartean ezkutaturik zeuden erregearen baleztariek beren geziez adarbakarra zeharkatu zuten.

Erregeak edabea edan zuen adarretik, eta sendatu egin zen, alabaina Giomar alabaren heriotzak sortu zion minak bihotza erdiratu zion…

mari


Ekaitzak Mariren esku dira, Aralarreko leize batetik ateratzen omen ditu. Uste horretakoak dira Gorriti aldekoak. Euskal jainkosen artean Mari dugu ezagunena, gainerako jeinuen buruzagia kontsideratua, ongilea edo gaizkilea izatea baino, errespetua sortzen duen pertsonaia da emakumezko ilekizkurra. Marik edertasuna irudikatzen du, ispilu aurrean ordu asko ematen ditu bere ilemataza ederra orrazten, horrelakoetan beldur izateko moduan gara, zer dela eta apaintzen ari den galdetuz gero " Gaur Naparrora a Nua iittara" erantzunen dizu, horrek Nafarroako garitzetan kaskabarra botako duela esan nahi omen du. Lan horretan bere seme baten laguntza izaten du, Mikelats izeneko jeinuarena hain zuzen ere, bi dira Mariren semeak Mikelats eta Atarrabi. Azken hau Mikelats ez bezalaxe ongiarekin lotu izan da.

Euskal Herriko herri askotan emanen dizute Mariren berri. Hona hemen Plazaola gure eskualdean Mari izandatzeko erabiltzen diren zenbait izen, Gorritin Aldureko Mari diote, Leitzan berriz Marimur, Udaben Mariburute, Aranon Andre Mari Muiroko.

Leize eta kobazuloak dira Mariren bizitokiak, beraz Aralarreko edozein kobazulo bere kabia izan daiteke, baina kontuz gero, Marik ez baitu edozein bisitari gogoko, berak gonbidatu behar zaitu. Kontatzen denez, emakume batek Mariren kobazuloan sartu eta honen urrezko orrazia lapurtu zuen,, gure jainkosa-ren haserrea ez zen nolanahikoa izan, hurrengo egunean emakumearen soroak harriz beterik azaldu baitziren.

Euskal Herriko beste txokoetan idortearekin lotu den bezalaxe, gurean ekaitzarekin lotu izan dugu beti Mariren agerpena. Aranon diotenez Mugiroko leize batetik ekaitzak bidaltzen ditu, eta zerua zeharkatzean zaldiaren irudia hartzen omen du. Leitzarrentzat aldiz, Maimur izeneko zubia da ortots eta tximisten sorburua, Mari zubi hartara heltzen baita ekaitz haizearen bila. Beraz, uda partean, ekaitza datorrela sumatuta, Maimurreko zubira hurbilduz gero edota zeruari so egonda paperik ez duen jainkosa ikus dezakezue. Horrela ez bada, segur egon Mari gure Artean izan dela.

Goñikoa Teodosio


Kondairak dioenez, godoen garaian, Go-iko zaldun bat, on Teodosio, Andia mendilerroaren hegalean kokatuta dagoen bere sorterritik abiatu omen zen godoei aurre egiteko. Atzera bidean, ermitau jantzita zegoen deabruarekin topo egin omen zuen eta honek bere emaztea desleiala zitzaiola eman zion aditzera. Teodosio tarrapataka abiatu zen etxera eta gelaren argitzaletan bi konkor antzeman omen zituen ohean. Emaztea eta honen maitalea zirelakoan, bertan akabatu zituen biak amorruaren amorruz, alabaina, lazturaz, gurasoak hil zituela ikusi zuen.

Damututa, Iru-eko apezpikuarengana jo zuen barkamena eske, baina honek Erromara bidali zuen, Aita Santuak baino ezin baitzezakeen tamaina horretako parrizidioa barkatu. Aita Santuak barkatu egin zuen, alabaina eremutar bizitza egiteko penitentzia ezarri zion, noiz arte eta gerrian eraman beharko zuen katea hautsi arte.

Honela, Teodosio zazpi urtez ibili zen bere herri inguruko mendietan barna noraezean. Halako batean, Aralar mendian zegoela, leizezulo batetik herensuge erraldoia atera zen. Teodosiok laguntza eskatu omen zion San Migeli; berau agertu eta herensugeari nagusitu zitzaion. Honek, larriki zaurituta, osin batean barna ihes egin zuen. Orduantxe hautsi ziren kateak eta Teodosiok hantxe bertan eraiki zuen santutegia San Migelen ohoretan. Orduz geroztik, bertan dira Teodosioren kateak. Halaber, San Migelen irudia gurtzen da, goiaingeruak berak emandakoa.

Herensuge


Behin bazegoen sugearen itxurarekin agertzen zen jenio bat, uda garaian Aralarko amildegian bizi izaten zen zazpi buruko herensuge erraldoi bat. Zazpigarren burua hazten zitzaionean, sutan jartzen zen eta Itxas-gorrietarantz hegan egiten zuen, hau da, Mendebaldeko "itsaso horigorrien herrialde"-rantz, zarata izugarriarekin haizea zeharkatuz eta hantxe urperatzen zen.

Gose zenean herrietara jaisten zen eta jende asko hiltzen zuen.

Herensugearen mehatxuak mendeetan zehar heroi anonimo ugari sortarazten zituen, Herensugearen aurkako borroka irabazteko indar magikoen laguntzaz baliatzen zirenak, horrela, bere zazpi buruak moztuz eta bere biktimak askatuz. Geroztik, Aralarko pago mendetsuak elezahar askoren ohiartzunarekin batera bizi dira. Bertsio ezberdinetan kontatua izanik ere, herensugearen istorioa euskal mitologiaren kondairik garrantzitsu eta ederrenetariko bat da. Erdi Arotik aurrera, herensugearen irudia kristautu egiten da eta deabruarekin erlazionatzen hasiko dira. Beraz, euskal mitologia eta erlijio kristaua nahastu eginen dira, VIII.mendeko Goñiko Teodosioren kondairan.

Zaldun honek, arabiarren aurka borrokatu ondoren etxera itzultzean ermitariz mozorrotutako deabruarekin topo egin omen zuen. Deabruak Teodosiori esan omen zion bera kanpoan egon bitartean emaztea beste gizonekin aritua zela. Teodosio jaunak, sutan, etxera jo zuen eta, emaztea eta amorantea zirelakoan, ezkontohean lo zeuden bere gurasoak hil zituen.

Bekatu honengatik, Aralarrera kateatuta alde egin zuen. Behin deabrua herensugearen itxurarekin agertu zitzaion. Mikel Deuna Arkaingerari erregutu eta honek penitentziaren kateez askatu zuen, eta munstroaren aurkako borroka irabazten lagundu zion.

Eskerrak emateko Teodosio jaunak ermita bat eraikitzeko agindua eman zuen Arkaingeruaren omenez.

Nafarroan gaur egun arte bizirik dirau Mikel Deunarekiko kultoa, Ilunbetako Printzea edo Herensugea zapalduta mantentzen duen mezulari dibinoa baita.

Duela mende asko eta betirako garaitua, Herensugearen lorratza Plazaolaren bidean dago lokartuta. Bere gorpua Iruña eta Donostiaren arteko bide erdian bi haran erraldoiren gainean datza: mendebaldean Aralar eta Ultzama ekialdean.



Mari
Ekaitzak Mariren esku dira, Aralarreko leize batetik ateratzen omen ditu. Uste horretakoak dira Gorriti aldekoak. Euskal jainkosen artean Mari dugu ezagunena, gainerako jeinuen buruzagia kontsideratua, ongilea edo gaizkilea izatea baino, errespetua sortzen duen pertsonaia da emakumezko ilekizkurra. Marik edertasuna irudikatzen du, ispilu aurrean ordu asko ematen ditu bere ilemataza ederra orrazten, horrelakoetan beldur izateko moduan gara, zer dela eta apaintzen ari den galdetuz gero " Gaur Naparrora a Nua iittara" erantzunen dizu, horrek Nafarroako garitzetan kaskabarra botako duela esan nahi omen du. Lan horretan bere seme baten laguntza izaten du, Mikelats izeneko jeinuarena hain zuzen ere, bi dira Mariren semeak Mikelats eta Atarrabi. Azken hau Mikelats ez bezalaxe ongiarekin lotu izan da.

Euskal Herriko herri askotan emanen dizute Mariren berri. Hona hemen Plazaola gure eskualdean Mari izandatzeko erabiltzen diren zenbait izen, Gorritin Aldureko Mari diote, Leitzan berriz Marimur, Udaben Mariburute, Aranon Andre Mari Muiroko.

Leize eta kobazuloak dira Mariren bizitokiak, beraz Aralarreko edozein kobazulo bere kabia izan daiteke, baina kontuz gero, Marik ez baitu edozein bisitari gogoko, berak gonbidatu behar zaitu. Kontatzen denez, emakume batek Mariren kobazuloan sartu eta honen urrezko orrazia lapurtu zuen,, gure jainkosa-ren haserrea ez zen nolanahikoa izan, hurrengo egunean emakumearen soroak harriz beterik azaldu baitziren.

Euskal Herriko beste txokoetan idortearekin lotu den bezalaxe, gurean ekaitzarekin lotu izan dugu beti Mariren agerpena. Aranon diotenez Mugiroko leize batetik ekaitzak bidaltzen ditu, eta zerua zeharkatzean zaldiaren irudia hartzen omen du. Leitzarrentzat aldiz, Maimur izeneko zubia da ortots eta tximisten sorburua, Mari zubi hartara heltzen baita ekaitz haizearen bila. Beraz, uda partean, ekaitza datorrela sumatuta, Maimurreko zubira hurbilduz gero edota zeruari so egonda paperik ez duen jainkosa ikus dezakezue. Horrela ez bada, segur egon Mari gure Artean izan dela.

Euskal Herriko mitologia


Euskal mitologia Euskal Herriko lurraldeetako mitoen multzoa da. Bertan nahasturik antzematen dira eragin kristau zein paganoak.

Gainerako herri eta kulturen antzera euskal mitologia alegiazko kontakizun, antzinako balizko jainko edo heroien egintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen da, gehienetan, izadiaren indarren edo giza izaeraren alderdien oihartzuna dakarrena.

Kondaira sinbolikoa, munduaren hasierako edo denbora historikotik kanpoko gertakari harrigarriren baten berri ematen du askotan. Antzinako jainko edo heroien ekintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen dira alegiazko kontakizunak, jatorri ezezagunekoak eta herri baten tradiziozko pentsamendu kolektiboaren osagai direnak, naturaren indarrari edo giza izaeraren zenbait alderdiri buruzko ikuspegia eta sinesteak islatzen ditu.

Mitok sailka daitezke kondairaren esanahia edo berez duten mezuaren arabera: Batzuk kosmosa edo lurraz kanpoko gaia dute, eta besteak, berriz, lurtarrak dira. Kristautasunaren sarrerak nabarmen eragin du euskal mitologiaren ahoz ahoko transmisioan. Oinarrizko kontzepzio metafisikoa bere horretan mantendu diren alegi askotan ere Bibliako pertsonaien izen ordezkatzea ematen da: neguko solstizioa = Eguberri, udako solstizioa = Donibane jaia, jentilarri = Sansonarri, Salomon eta abar.