
Euskal Herrian betidanik sinestatu izan da sorgintasunean. Gaur egun, batez ere, akelarreekin lotzen badira ere, antzina sorginek gauza onak eta txarrak egin zitzaketen. Apoa, sugea, erratza, akerra... elementu sakratuak ziren eta emakumeen indarra erakusten zuten. Herritar asko joaten zitzaien laguntza eske: ukendu, sendabelar eta aholku eske alegia.
Sorginak Mariren leizetan haren neskame dauden ahaideak dira. Pizti itxura hartzen dute sarritan, eta gorputz atal bat falta zaie gehienetan, eskua, hanka edo burua; katu itxura hartzen dute maiz.
Gauerdian hasi eta goizaldeko oilarraren kukurrukuraino bakarrik iristen da euren aginpidea. Zuberoan Belegile izena hartzen dute.
Katu itxuraz azaltzen dira askotan, eta sorginkeria kentzeko, katuaren itzalari egurra eman behar zaio.
AKELARRE...
Zugarramurdiko haitzuloaren aurreko zelaiaren izena batetik, eta sorginen gau-bilera, zaratatsua eta nahastua bestetik. Sorginak bertan biltzen zirelako ezaguna, beste hainbat lekutan biltzen baziren ere. Sorginak akerbeltzaren irudiko jeinuaren gurtzaileak ziren eta beren gurtza eta opariak eskaintzera biltzen ziren. Eliza katolikoaren arabera, berriz, kristau-mezaren parodia eta meza beltza egitera. Hortik dator sorginen gau-batzarrari orokorki akelarre deitzea.
Akerbeltzaren jarraitzaileek bilera horietan, egintzen kontu eman, aginduak jaso, opariak egin eta bestelako erritu eta eginkizunak egiten zituzten. Sorgin-batzarrak egiteko beste zenbait toki, hauek ziren: Petiberro (Aezkoa); Larrun; Jaizkibel; Irantzi, Pullegi eta Ameztoiko Mairubaratza (Oiartzun); Mandabitta (Ataun); Mañariko Akelarre; Garaigorta (Orozko); Petralanda (Dima); Eperlanda (Muxika); Akerlanda (Arteaga-Gautegiz) etab.
Iturria: Harluxet/Lur
No hay comentarios:
Publicar un comentario