2010/11/15

Baratxuri

Antzinatean, Andoainen, senar-emazte batzuk bizi ziren beren alaba bakarrarekin. Alabatxoa hain zen txikia, Baratxuri ezarri ziotela goitizena. Txikia bai, baina oso neska argia eta indartsua zen; honela bada, amari etxeko lanetan eta aitari soroetan laguntzen zien.

Behin batean, aitari sorora bazkaria eramateko agindu zion amak. Bide luzea zenez, astoa ukuilutik atera eta bere belarrian jarri zuen neskatxoa. Astoak bidea ezagutzen zuen, joan-etorria askotan egina baitzuen, eta berehala han ziren, aita lanean ari zen tokian.

-Hara! Gaur bakarrik al hator, astotxo? -galdetu zuen aitak astoa ikusitakoan.

-Ez! Ni ere hemen nator! -erantzun zuen Baratxurik astoaren belarrira agertuz.

Alabatxoa ikusteaz pozik, neska eta janari-saskia hartu zituen. Aita-alabak bazkaltzen hasi ziren astoa larrean bazkatzen zen bitartean.

Bazkalondoan, aita soro-lanera itzuli zen eta Baratxuri etxera, etorri bezala, astoaren belarrian sartuta.

Basoa gurutzatzerakoan, lapur batzuk sumatu zituen egun hartan bertan lapurtutako gauzak banatzen. Honela. esaten zuten: -Hau, hiretzat; hau, hiretzat eta beste hau, niretzat!

Astoaren belarritik Baratxurik oihukatu zien:

-Eta niretzat?

Hau entzutean hiru lapurrak larritu egin ziren pixka bat, baina inor ez zegoela ikusi zutenean, jarraitu egin zuten berean:

-Hau, hiretzat; hau, hiretzat eta beste hau, niretzat!

Eta Baratxurik berriro:

-Eta niretzat?

Oraingoan lapurrak altxa eta lapurretaren zatia eskatzen zuen haren bila hasi ziren.

Baratxurik, berriz ere:

-Eta niretzat?

Lapurrek basoko izpirituak zirela uste izan zuten eta hanka egin zuten ziztu bizian, lapurtutako guztia bertan utzita.

Baratxuri astoaren belarritik jaitsi, hango gauza guztiak astoan zamatu eta etxera eraman zituen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario