2010/11/15

Mendiondoko euliak

Mendiondo baserriko nagusia erabat alfer eta nagia zen eta, hala eta guztiz ere, etxe hartako ereinketa, ganadua jaistea eta gainerako lanak azkar bukatzen zituzten, inguruko etxeetan baino askoz azkarrago bukatu ere.

Goiz batean, soroak ordu beten azpitik moztu zuten; beste batean, di-da batean, belar dena bildu eta ganbarara eramana zuten. Jende guztia harrituta zegoen, egiteko denak azkar burutzen ziren, baina, han ez zuten inor lanean ikusten.

Mendiondoko nagusiaren emaztea ere han sorginkeriaren bat gertatzen ari zela pentsatzen hasia zen.

Egun batean senarra ikusi zuen herrira joan baino lehen sasi tartean zerbait gordetzen ari zela. Urrutiratu zenean, emakumea lar tartera joan eta han gordetakoa aurkitu zuen: ontzitxo bat. Zabaldu zuen eta barrutik hamar euli atera ziren; denak bere inguruan itzulika hasi ziren esanez:

-Zer egingo dugu? Zer egingo dugu?

Andreak, zer egin jakin gabe, esan zien:

-Berriro ontzian sartu!

Eta berehala, hamar euliak berriro ontzian sartu ziren.

Senarra itzuli zenean, emazteak euli hiztunen historia argitzeko esan zion; azkenean, senarrak dena aitortu zuen: etxeko lan azkar guztiak haiek egiten zituztela, agindu baino ez zutela behar.

Emazteak probatu egin zuen, eta senarrak esandako guztia egia zela ikusi zuen; denboraldi batean euliek egiten zizkioten etxeko lan guztiak, baina lanean ari zirelarik ere ez ziren isiltzen, eta etxekoandrea aspertu egin zen, etenik gabeko kalakaldi hartaz:

-Lana! Lana! Lana!

Emakumea senarraren bila joan zen.

-Aizu, euli hauekin zerbait egin beharra daukagu, bestela azkenean nahigaberen bat emango digute eta.

-Bai, ni neu ere horretan nago -erantzun zion senarrak- baina alde egitea nahi badugu, soldata eman behar diegu beren lanaren truke.

Pixka bat pentsatu ondoren, emakumeak erantzun zuen:

-Hor badaude hamar antzara, bakoitzari emaiozu bat. Une hartantxe hamar antzarak hegan atera ziren sekulako iskanbila eginez, eta Mendiondoko euliak ez ziren inoiz gehiago azaldu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario