2010/11/15

Borgotako lamia

Bargotako Juanisek Iruñeko San Fermin jaietara joatea erabaki zuen. Ohizkoan, hodeiren baten gainean joaten zen batetik bestera, baina egun hartan zerua urdin-urdin zegoenez, oinez joan behar izan zuen.

Iruñera iritsi zenean, erabat nekatuta zegoen eta ostatu batera joan zen gaua igaro eta atseden hartzeko asmoz. Ostatuko etxekoandreak ordea, esan zion jaiak zirela eta ez zeukala ohe bat bakarra ere libre.

Juanisek, besterik ezean, alfonbra gainean lo egiten uzteko eskatu zion. Etxekoandreak hain jota ikusi zuenean, baietz esan zion eta alfonbra gela batera eraman zuen. Gela horretako ohe bakarrean bi bezero zeuden lehendik.

Oheko bezeroak zerraldo lo zeuden. Juanisek une batez begiratu zien eta gero eztulka hasi zen besteak esna zitezen.

-Barka iezadazue, jaunak, ez nuen zuek esnatzeko asmorik.

Gero, alfonbran eseriz, esan zien:

-Begira, ez zaitezte izutu, baina nik lo bururik gabe egiteko ohitura dut.

Oheko biek aho zabalik begiratu zioten, burutik eginda ote zegoen beldur. Orduan, Juanisek burua gorputzetik askatu eta aulki gainean utzi zuen. Bi bezeroek hura ikusi zutenean, garrasi izugarria egin eta gelatik lasterka alde egin zuten.

Sorginak burua berriro bere lekuan jarri zuen, ohean etzan eta lo hartu zuen.

Bien bitartean, bi bezero izutu haiek laguntza bila joanak ziren eta ostatuko jabearekin eta beste zenbait lagunekin itzuli ziren gelara. Denak gogor armatuak zetozen eta Juanis lasai asko, bere buru eta guzti, lotan zegoela ikusi zutenean, beste biak hartu zituzten erotzat. Hauek, gizajoak, beren gauzak hartu eta ahal bezain laster alde egin behar izan zuten ostatutik.

Bargotako sorginak lo ederra egin zuen hurrengo eguna ondo sartu zen arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario