2010/11/09

mari


Ekaitzak Mariren esku dira, Aralarreko leize batetik ateratzen omen ditu. Uste horretakoak dira Gorriti aldekoak. Euskal jainkosen artean Mari dugu ezagunena, gainerako jeinuen buruzagia kontsideratua, ongilea edo gaizkilea izatea baino, errespetua sortzen duen pertsonaia da emakumezko ilekizkurra. Marik edertasuna irudikatzen du, ispilu aurrean ordu asko ematen ditu bere ilemataza ederra orrazten, horrelakoetan beldur izateko moduan gara, zer dela eta apaintzen ari den galdetuz gero " Gaur Naparrora a Nua iittara" erantzunen dizu, horrek Nafarroako garitzetan kaskabarra botako duela esan nahi omen du. Lan horretan bere seme baten laguntza izaten du, Mikelats izeneko jeinuarena hain zuzen ere, bi dira Mariren semeak Mikelats eta Atarrabi. Azken hau Mikelats ez bezalaxe ongiarekin lotu izan da.

Euskal Herriko herri askotan emanen dizute Mariren berri. Hona hemen Plazaola gure eskualdean Mari izandatzeko erabiltzen diren zenbait izen, Gorritin Aldureko Mari diote, Leitzan berriz Marimur, Udaben Mariburute, Aranon Andre Mari Muiroko.

Leize eta kobazuloak dira Mariren bizitokiak, beraz Aralarreko edozein kobazulo bere kabia izan daiteke, baina kontuz gero, Marik ez baitu edozein bisitari gogoko, berak gonbidatu behar zaitu. Kontatzen denez, emakume batek Mariren kobazuloan sartu eta honen urrezko orrazia lapurtu zuen,, gure jainkosa-ren haserrea ez zen nolanahikoa izan, hurrengo egunean emakumearen soroak harriz beterik azaldu baitziren.

Euskal Herriko beste txokoetan idortearekin lotu den bezalaxe, gurean ekaitzarekin lotu izan dugu beti Mariren agerpena. Aranon diotenez Mugiroko leize batetik ekaitzak bidaltzen ditu, eta zerua zeharkatzean zaldiaren irudia hartzen omen du. Leitzarrentzat aldiz, Maimur izeneko zubia da ortots eta tximisten sorburua, Mari zubi hartara heltzen baita ekaitz haizearen bila. Beraz, uda partean, ekaitza datorrela sumatuta, Maimurreko zubira hurbilduz gero edota zeruari so egonda paperik ez duen jainkosa ikus dezakezue. Horrela ez bada, segur egon Mari gure Artean izan dela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario