Ataunen kontatzen dutenez, behin batean jentilak Argaintxabaletako mendi-lepoan dibertitzen ari omen ziren. Halako batean, jentil gazte batek hodei argitsu bat ikusi omen zuen beraiek zeuden tokira inguratzen. Horrelako gertakizunaz harritu eta izututa, besteei esatera joan zen:
-Begira! Begira!
Denak dantza egiteari utzi eta denboralditxo batean hodei misteriotsu hari begira geratu ziren, zer egin eta zer esan jakin gabe. Azkenean, jentiletan zaharrena eta jakintsuenari aholku eskatzea erabaki zuten. Aitona hura ez zen haitzulotik inoiz ateratzen, inork ez zekien zenbat urte zituen eta batzuek ez zuten ezagutu ere egiten. Jakintsua mendi-lepoaren ertzera eraman eta hodeia erakutsi zioten, baina jentil zaharra itsutua zegoen eta ez zuen ikusten.
-Zabal iezazkidazue begiak bi palankekin! -agindu zien.
Bi jentilek berehala palanka sendo bana hartu eta begiak zabaldu zizkioten. Aitona luzaroan egon zen hodeiari begira, beste denak urduri zeuden bitartean eta, azkenean, honela esan zuen:
-Sortu da jende txiki perrua / akabatu da, jende humanoa. Kixmi jaio da, eta heldu da gure arrazaren bukaera. Bota nazazue amildegian. behera!
Eta beretarrek harkaitzean behera bota zuten. Gero lasterketari ekin zioten, ahalik eta azkarren, hodeia jarraiki zutela. Arraztaran haranera iritsi zirenean, harri handi baten azpian sartu ziren eta, geroztik, "jentilarri" izenez ezagutzen dute hura.
"Kixmi" hitzak tximua esan nahi du jentilen hizkuntzan eta Kristo izendatzeko erabiltzen zuten. Gure arbasoek horrela adierazten zuten jentilen amaiera gure lurrean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario